Unibertsitate-, gizarte- eta erakunde-arloetako berrehun ordezkarik hizpide izan dituzte garapen komunitarioa eta nahi gabeko bakardadea II. BizkaiSare biltzarrean

Bigarren biltzarrean parte hartu dute Exeterko Unibertsitateko, Europako Batzordeko Ikerketa Zentro Bateratuko (JRC) eta Txileko Osasun Ministerioko ordezkariek
Unibertsitate-esparruko eta gizarte-entitateetako nahiz erakunde publikoetako arloetako berrehun pertsona baino gehiagok hartu dute parte urriaren 26an eta 27an Bilbon egin den II. BizkaiSare biltzarrean, non eztabaidagai izan baitira garapen komunitarioa eta nahi gabeko bakardadea.
Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailak sustatzen duen nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko Bizkaisare estrategiaren barruan kokatu da biltzarra, izenburu honen pean: «Garapen komunitarioa eta gizarte-kohesioa, aitortzen eta ahalduntzen dituzten harremanak. Jakintzen eta praktiken arteko elkarrizketa bakardadearen aurrean».
Diputatu nagusiordea eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko foru-diputatua den Teresa Laespadak parte hartu zuen inaugurazioan eta hauxe adierazi zuen: «harremanak baliogabetzen dituen eta bizikidetza ahultzen duen testuinguruan, ezinbestekoa da gizarte-kohesioaren eta hurbiltasun-ikuspegiaren aldeko apustua egitea. Munduarekin konektatzen duten tokiko sareak eraiki behar ditugu, pertsona guztiak aitortzen dituztenak eta babesleku direnak nahi gabeko bakardadearen nahiz diskriminazioaren aurrean».
Eragin handiko hitzaldiak eta nazioarteko programa
Laespada diputatuaren inaugurazioaren ostean, egitarauak aurrera egin zuen. Exeterko Unibertsitatean gizarte-psikologiako irakasle den Manuela Barretok eman zuen hasierako hitzaldia, zeinetan jorratu baitzuen bakardadearen prebentzioan ekintza kolektiboak duen rola. Astelehen goizean, gizarte-konexioko zenbait nazioarteko esperientzia izan ziren hizpide; hauexek izan ziren hizlariak: Ximena Aguilera Sanhueza (Txileko Osasun ministro ohia), Elisabeth Casabianca (Europako Batzordeko Ikerketa Zentro Bateratuko —JRC— analista) eta Dannie Loenne Larsen (FriSe, Danimarka). Arratsaldean, espazio fisiko eta habitat partekatuen diseinuari buruz aritu ziren zenbait hizlari, hala nola Marisa Clua (Bartzelonako Udala) eta Irene Lebrusán. Jardunaldia amaitzeko, gaztaroari eta bizi-trantsizioei buruzko blokean, moderatzaile-lanetan aritu zen Usue Beloki, eta parte hartu zuten ere José Guillermo Foucek (Psicología Sin Fronteras) eta Iratxe Uriartek (Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren presidentea).
Bigarren saioan, lurraldeari heldu zitzaion harreman-babesleku gisa; horretarako, oinarritzat hartu ziren tokiko zenbait esperientzia, hala nola hauena: Aurkigune (Zubietxe elkartea), Getxo Zurekin (Doble Sonrisa fundazioa) eta Etorkizuna Musikatan (Norai fundazioa). Jarraian, eraldaketarako erronka estrategikoak nahiz aukerak izan ziren aztergai; hauek izan ziren parte-hartzaileak: Javier Yanguas (La Caixa fundazioa / Aubixa Fundazioa) eta Sacramento Pinazo-Hernandis (Universidad de Valencia). Jardunaldia amaitzeko, María Silvestre Cabrera Deustuko Unibertsitateko Berdintasun zuzendariak ikaskuntzak laburbildu zituen eta azken hausnarketak azaldu zituen.
Hitzaldi eta hitz-hartze guztiek bat egin dute BizkaiSare 2030 estrategian giltzarri diren ardatzekin, helburu argia lortzea xede: Bizkaia kohesionatuagoa izatea, betiere aintzat hartuta inklusioa, intersekzionalitatea eta ikuspegi ekosoziala.


